Berezko hiztunik gabeko arnasgunerik ez dago. Berezko hiztunak dira arnasguneen euskarri, orakarri, zutarri eta zimentarri.
Baina has gaitezen hasieratik: zer dira arnasguneak? Arnasgune hitza Mikel Zalbide euskaltzainak euskarara ekarritako hitza da, Joshua Fishman soziolinguista estatubatuarrak 1991n erditu zuen kontzeptua adierazteko: physical breathing space (Arnasa hartzeko tokia).
Arnasgunea zer
den horrela azaldu zuen Estatu Batuetako Joshua Fishman euskaltzain
ohorezkoak Reversing Language Shift (Hizkuntza Indarberritzea)
liburuan: «Demographically concentrated space where Xish can be on its
own turf, predominant and unharassed» (RLS, 58). «Demografikoki
kontzentratutako espazioa, non Xish [mehatxupean dagoen hizkuntza
gutxitua: gurean euskara] bere eremuan egon baitaiteke, nagusi eta
jazarpenik gabe».
Mikel Zalbide euskaltzainak horrela azaldu zuen kontzeptua bere hitzekin:
«Zer
da arnasgunea? (...) Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik
euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso
gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsean,
Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea. Euskaldunak
euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen
hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan,
hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezi (zenbaitentzat
“xelebre”)-rik gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara
bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena. Hori da euskal arnasgune
petoa, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa bere betean (beste
leku gehienetan baino askoz nabarmenago) segurtatzen duena. Aparteko
antolamendurik gabe ikasten dute horietan haur txikiek bertako
hizkuntzan. Hala ikasten dute hitz egiten. Lehenik hitz egiten eta gero,
eskola eta abar lagun, irakurtzen, idazten eta bertan ahoz aho dabilen
hizkuntza horren errejistro eta aldaera jaso, landu, formalizatuagoak
erabiltzean. Hori da osasun oneko hizkuntzen belaunez belauneko
jarraipen-bide normala, prototipikoa. (...) Lehentasuna dute,
horregatik, hizkuntzari bizirik eutsi nahi bazaio eta indarberritu egin
nahi bada. Horiek dira, Fishman-en eta beste zenbaiten ustean, hizkuntza
indarberritzeko saioaren abiaburu natural eta baliagarrienak. Hori
gabeko normalkuntza ez da normalkuntza. Ingurumen horien zaintza-ardura
bigarren edo hirugarren lehentasun-mailara daramana ere ez».
Beraz,
arestian adierazitakoak adierazita, arnasgunearen ekuazioan bada
ezinbestean sartu beharreko elementu bat: berezko hiztuna. Horrela,
arnasguneek ondorengo ezaugarriak dituzte: euskararen ezagutza eta
erabilera zabaleko guneak dira, berezko hiztunen kontzentrazio
demografiko handiko elkargune naturalak dira eta gune horiek berezko
hiztunen sorburu eta harrobi dira, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko
transmisioa indartu, segurtatu eta mantentzen dutelako.
Goazen orain berezko hiztunak zer diren azaltzera:
Berezko
hiztunak hizkuntza ororen hiztun naturalak dira, sorburuko hiztunak,
jatorrizko hiztunak edo berbadun natiboak. Belaunez belauneko katean
gurasoengandik jaso eta modu naturalean hizkuntza, gurean euskara,
bere-berea eta berezkoa duten hiztunak dira. Hizkuntza horretan bizi eta
pentsatzen duten hiztunak. Dakizkiten gainontzeko hizkuntza guztiekin
alderatuta, berezkoa duten hizkuntza hori dute erraztasunik handieneko
adierazpide. Berezko hiztunek ardatz duten hizkuntza bihurtzen dute
inguratzen dituen errealitatearen ulerbide eta beren hausnarketak
arrazoitzeko mintzabide, izan ere, bere-berea duten hizkuntza hori dute
beren kolkorako barne-mintzo eta gogoetarako tresna.
Hizkuntza
dugu eta hizkuntzak gaitu. Hizkuntza orok bizirik eta osasuntsu iraungo
badu, berezko hiztunak behar ditu, hizkuntza bizi duten eta hizkuntzak
berak bizi dituen hiztunak. Berezkoa duten hizkuntza hori barne mintzo
eta barre mintzo duten hiztunak; azken batean, etengabeko
elkarrekintzan, berezko eta betezko duten mintzoa biziz biziarazten
duten hiztunak.
Berezko hiztuna da hizkuntzaren funtsezko
bizigaia, izan ere, berezko hiztunek hizkuntzaren zuhaitza erro-errotik
izerdi berritzen, kimu berritzen, hosto berritzen eta arnas berritzen
baitute, giza komunikaziorako lanabes zorrotz eta zehatz izan dadin.
Berezko hiztunek sorberritzen dute hizkuntza, mendiko iturri zaharretik
etengabe berritzen den ura bezalaxe edota sutatik txingarra eta
txingarretatik sua gar-berritzen den bezalaxe. Berezko hiztunak baldin
badira, hizkuntza izango da.
Berezko hiztunen arteko gizarte
harremanak edo harreman-sareak sortzen direnean, berezko hizkuntza
ardatz duten gune, espazio, leku edo giza egiturak sortzen dira. Hain
zuzen ere, berezko hiztunen hizkuntza ardatz duten gune horiek
hizkuntzaren arnasguneak dira, hots, hizkuntzaren nagusitasun-guneak.
Gizartean
ditugun arnasgunerik funtsezkoenak berezko hiztunez osatutako familiak
ditugu. Horrelako familiak ditugu euskararen gotorleku, batez ere,
arnasgune horiek —askotan isolatuta— erdal eremuetan bizi badira.
Berezko
hiztunez osatutako giza egitura eta harreman-sareak —familiak, lagunak,
ikaskideak, lankideak, auzokideak, herrikideak— elkar lotu, saretu,
ehundu eta trinkotzen direnean, orduan sortzen dituzte arnasgune
geografikoak (baserri-etxe, baserri-auzo, herribildu, kale-auzo, herrigune, herrixka, herri eta herriburu).
Gaur egun, ordea, euskaraz egiteko aukera ematen
duten gune guztiei arnasgune esateko joera nagusitzen ari da, baina
dena, jakina, ez da arnasgune.
«Euskararen arnasgida
ez-perfektua» osatu berri dute joan deneko otsailaren 25ean Aiaraldeko
Ekintzen Faktorian. Bertan euskararen babesguneak eta arnasguneak izan
zituzten aztergai.
Babesguneak euskaraz egitea ziurtatzen duten
guneak dira. Euskararen babesguneak, estres linguistikorik gabe,
euskaraz eroso hitz egitea ahalbidetzen duten guneak dira. Giza
komunikaziorako euskara erdigunean duten guneak dira baina —eremu
erdaldunetan batik bat— euskara ez dakitenek bertan erdaraz egitea ere
ohikoa izaten da. Babesguneak konszienteki sortzen dira, pentsatuak eta
planifikatuak dira, sorburuan berariaz hartutako erabaki bat dute,
erabaki adostua —Euskaraldiko ariguneak bezalaxe—. Babesguneak
esplizituak dira eta ikusgarritasuna daukaten aldetik, erreferentziazko
gune izan ohi dira, batez ere, euskaradun hiztunen artean.
Babesguneen
aldean arnasguneak —bereziki arnasgune geografikoak— natural
sortutakoak ditugu, planifikatu gabeak, pentsatu gabe sortutakoak, nahiz
eta, gaur egun, azken hauetan ere, hizkuntza planifikazioa
ezari-ezarian ari den bidea egiten. Arnasguneen dinamika linguistikoak euskararen erabilera elikatzen du, izan ere, arnasguneetan euskara erabiltzeko
hizkuntza jokabidea edo arau soziala nagusitzen da eta harreman-sare
horretan murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara
egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da.
Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako,
ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren
aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko
dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Arnasgune baten dinamika linguistikoan murgilduta dagoena, nahiz eta
erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna
eskuratzen, jarrera aldatzen eta, azken batean, euskara erabat
erabilgarri bihurtuko zaio, izan ere, praktika etengabeak ekarriko baitu
hizkuntza barneratzea eta erraztasunez erabiltzea. Arnasguneetan arraroa, ez ohikoa da norbait erdaraz
entzutea, izan ere, harreman-sare horietan berezko hiztunen
kontzentrazio demografikoa erabat nagusi izaten baita. Arnasguneak hizkuntzaren bizindar handiko guneak dira: «Ez euskaraz eta ez gaztelaniaz ez dakien familia bat Ondarroan edo
Azpeitian jartzen baduzu (magrebiarra, txinatarra edo alemaniarra,
adibidez) dinamika logikoa da beren seme-alabek 12 urterako errazago
egingo dutela euskaraz gaztelaniaz baino eta hizkuntza horretan biziko
direla. Jartzen baduzu familia bera Donostian, zer esanik ez Bilbon edo
Tuteran, erdaraz hobeto egingo dute euskaraz baino eta hizkuntza
horretan biziko dira nagusiki. Arnasguneetan zaila da erdaraz bizitzea,
ahalegina egin behar duzu. Ia ezer egin gabe geroz eta euskaldunagoa
zara. Geroz eta hobeto erabiltzen duzu hizkuntza, euskaraz bizi zara,
denborak horretara eramaten zaitu. Donostian kontrakoa da» (IƱaki Iurrebaso).
Babesguneak
hizkuntzaren oasiak dira, batik bat euskaldunak gutxiengo diren gune
soziolinguistikoetan. Baina arnasgune geografikoetan ere babesguneak
behar-beharrezkoak ditugu euskarazko gizarte bizitza gehiago ehuntzeko,
saretzeko eta trinkotzeko. Besteak beste, arnasgune geografikoetan ere
premia gorria dago lantegi-fabrikak eta lan-bizitza oro har euskararen
babesgune bihurtzeko euskarazko bizierari hauspo handiagoa eta sendoagoa
emateko.
Urepelgo Xalbador handiak esan zigun: «Herria da
gorputza, hizkuntza bihotza». Eta bihotza tauparazteko, behar-beharrezkoak ditugu zainetatik
gorputz osora odol berria eta bizi-indarra daramaten berezko hiztunak, izan ere, horiek gabe, euskararentzat eta herriarentzat ez
baitago arnasgunerik, ezta etorkizunik ere.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).
Artikulu honekin zilbor-heste zuzena daukaten artikuluak
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina