2016(e)ko apirilaren 2(a), larunbata

Dublin Oslon

Jose Mari Pastor.



















Aberri Eguna, erronka berriak gogoan; Aberri Eguna, bozak buruan. Horixe izan da aurtengo ospakizunaren ezaugarria. Eta ohiko erreferentzia geografikoak. EAJk Bilbon bildu ditu jarraitzaileak, EAEko hiriburu ez ofizialean. Ezker abertzaleak, Iruñean, Nafarroako hiriburu historikoan. Bizkaian estatus berriaren espiritua nagusitu da. Bozetarako hautagaia sendo aurkeztu dute jeltzaleek, azkenaldian otegitis gaitzak jota dirudien arren. Nafarroan estrategia aldaketari egokitutako lehen Aberri Eguna ospatu du ezker abertzaleak. Helburua: independentisten esparrua zabaltzea aurrera egiten segitzeko.

Garai berriak, esperantza zaharrak: independentziaren garrak euskal gizartearen bihotza hartzea. Sentimendu eta asmo horiek hedatzea. Lehen independentismoak arraza zuen oinarria; gerokoak, hizkuntza. Orain gizartearen garapen kolektiboa da gure iparra, ezker abertzalearen arabera. Euskal herritar gehiago independentziaren esparrura ekartzea. Zer egin hori lortzeko? Ezer sakrifikatuko da bidean etorkizun horren izenean?

Arrazan oinarritutako independentismoak ez zuen funtzionatu; euskararen inguruan errotutakoak akatsak izan ditu, bidea askoz samurragoa bazen ere: arraza garbiaren labela ezin duzu euskaltegian lortu, ezta ospitalean ere, odol transfusioen bidez. Euskara, bai. Baina horretan ere huts egin (omen) dugu. Lehenengo abertzaleak arrazistak ziren: bigarrenak, inposatzaileak. Hirugarren independentismoan eskuzabal eta solidarioak izatea da kontua. Denon ongizatea lortzea.

Erne, independentismo sozial aurrerakoia engainagarria izan baitaiteke, euskal Arkadia baten itxura. Espainia ustela da; Espainiak kirastu egiten du. Hobeto, primeran biziko gara Espainiatik urrun. Orduan, Norvegian, petrolioari eta gasari esker munduko ongizate gizarte oparoenean biziko bagina, ez ginateke independentistak izango? Aberri Egunean sami arropa koloretsuak jantzi, eta pozik, moto-trineoan elur-orein pintxoak jatera? Kontuz argudio ekonomiko hutsekin. Inoiz bozketa egingo bada, hemengo eta kanpoko finantza eta ekonomia arduradunen xantaia azalduko da: EB, NDF, zorra, maileguak, pentsioak… Eta azkenean, beldurtu. Hor dugu Eskozia. Edo soilik izango dute bozkatzeko eskubidea 18-30 urte bitarteko herritarrek?

Desiragarria bezain komenigarria da berritzea, baina arriskua dago ziabogan zorabiatzeko. Beste alde batetik, nola txertatu «la legítima defensa de una identidad cultural y lingüística española que es también propia de una gran parte de la población vasca» euskal identitate linguistikoaren defentsarekin? Arrisku-salto hirukoitza izan daiteke. Legítima defensa. Bat-batean, badirudi hemen espainieraren kultura eta hizkuntza daudela desagertzeko arriskuan; erdararen numantinoak gozatu behar ditugula, euren artetik Rambo edo Karadzic bat ez sortzeko.

Geure burua engainatzen jardun dugu urte hauetan guztietan? «Gora Euskadi Askatuta, Gora Euskadi Sozialista» oihukatzen genuen. «Gora Euskadi Euskalduna ez», ordea. Eta Euskaditik Euskal Herrira egin genuen jauzi, Euskadi euskaldundu gabe. Orain Euskal Herri erdaldunean independentziarako prozesua azkartzea da kontua. Pragmatismoa. Seguruena ez dago beste biderik. Eta bai, errazago euskaldunduko da Euskal Herri independentea Parisen eta Madrilen menpekoa baino. Hala ere, hori ez dago guztiz bermatuta. Hor dugu Irlanda.

Nola egin erdararen transatlantikoko popak azken kolpea jo ez diezaion atzean dagoen euskararen txalupari eta hondora ez dezan? Independentzia lor daiteke «paso del euskara» esaten duten ustezko progre-ekin, gizarte zuzenago baten izenean? Nolako independentzia, nolako herria? Orain arte espainierazko elebakartasunaren jabeak geureganatu ez baditugu, konbentzituko ditugu geroan? Ez da erraza izango. Samurtasuna beharko da erakartzeko. Eta tentu handia. Gure aldetik ez dirudi arazo handirik egongo denik. Euskaldunok masokista linguistikoak gara. Baselina premium kategoriakoa bada, aurrera.


(JOSE MARI PASTOR GONZALEZ kazetaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

  •  Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2016-04-02an.

iruzkinik ez: