Joxe Manuel Odriozola. |
Berria
egunkarian argitaratu zenuen "Euskara, beharra da gakoa"
artikulura mugatuko naiz nire hausnarketa labur honetan. Horko
pasarte batzuk oso mamitsuak direnez, badago zer pentsatua zuk
formulatutakoaren hariari tiraka.
Besteak
beste, diozu, hizkuntza minorizatuak “beren hiztunek dituzten
komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak” direla,
“beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru
eta funtzioak bereganatu dituelako”. Ez da abiapuntu txarra zurea:
zer egin behar dugun jakiteko, zer egin diguten jakitea baino gauza
hoberik ez dago. Estatuaren hizkuntza nazional hegemonikoak goitik
behera hizkuntza menderatuaren funtzioak irentsi ditu, azken honek
bere-bereak zituen funtzio arruntak ere zurrupatu arte. Ondorio
adierazgarria: hizkuntza menderatzaileak hizkuntza menderatuaren
funtzioak blokeatu eta are ordezkatu egiten ditu funtzioen
botere-hierarkia dela medio. Patxi, funtzio kultural eta
sozioekonomikoak gutxietsiz euskararen funtzio arruntak indartu nahi
dituztenei ohar txit argigarria egin diezu hor.
Zure
bigarren ohartarazpenari ere argitasunaren txinparta dario.
Lehendabizi diozu hizkuntzaren erabileraren araberakoa izango dela
ezagutza. Eta ondoren, galdetzen duzu gaur egun non den beharrezkoa
euskara. “Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon
ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu”. Honako hitzokin
bukatzen duzu pasartea: “euskararen ahuleziak gaztelaniaren
garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du”.
Mamitsuak
dira, mamitsuak direnez, zure hitzen mezuak. Zure lehendabiziko
ideiak maiz pentsatu izan dudan burutaziora narama: alegia, hizkuntza
baten ezagutza erabileraren mendeko kontua dela, ez dela prozesu
autonomo bat, ez dela praxirik gabeko jakite teoriko formal bat.
Hizkuntza baten jakite maila erabilera osoak, alegia, orotariko
sozializazioak, ez eskolakoak bakarrik, determinatzen duela.
Hizkuntza baten gaitasun komunikatiboa ez da gaitasun kognitiboa,
akademikoa eta formala soilik, sozializazio eta erabilera orokorrari
esker lortzen den gaitasun integrala dela.
Pasarteko
bigarren puntuaren bukaeratik hasita, gutxitan azpimarratzen den
ideia bat jo duzu begiz: hau da, euskararen egoera zinez zertan den
jakin nahi duenak, ezin dio euskarari soilik begiratu, erdararen
estatus soziolinguistikoari ere so egin behar dio. Bi hizkuntzen
arteko dialektika soziolinguistikoaz eta politikoaz mintzo ez zaigun
diskurtsoa ez da sinesgarria. Engainagarria da erabat. Eta diskurtso
mota horrek bizi gaitu inoiz baino gehiago gaur. Diskurtso
aldaketaren izenean, diskurtso euskaltzalea gero eta otzanagoa
bihurtzen ari da. Itxurak itxura, diskurtso ofizialaren
aldaera-trazak hartzen ari da egunetik egunera.
Hizkuntzaren
beharrezkotasunaz, berriz, zer esango dizut nik? Zerorrek ondo baino
hobeto diozu: bigarren mailako hizkuntzak bigarren mailako herritar
egiten gaitu, gure euskalduntasuna ez da giza duintasunari dagokion
neurrikoa. Duintasunaren neurria zer den jakin nahi duenak, berriz,
azter beza erdaldunaren estatus soziolinguistikoa, hor aurkituko du
hitzaren neurriko egoera. Beharrezkoa ez den hizkuntzak ez gaitu
gizaki oso egiten, eta, horregatik, euskarak ez gaitu euskaldun
egiten. Eta norbaitek sinetsarazi nahi badigu beste hizkuntza batekin
edo batzuekin batera egiten gaituela herritar euskaldun, ez sinetsi.
Gainerako hizkuntzak ez ditugu behar ezertarako euskaldun izateko.
Hizkuntza horiek behar ditugu nazio-hizkuntzaz haraindi dauden
funtzio komunikatiboak asetzeko. Ez bestetarako. Izan ere, euskaraz
bizitzea ezin da izan bigarren mailako hizkuntza batean bizi eta
erdara menderatzaileak euskara menderatuak bete behar lituzkeen
funtzioak betez euskaldunon duintasuna osatzea. Bigarren edo
hirugarren hizkuntza osagarria eta aberasgarria izango zaigu axioma
soziolinguistiko hau betetzen den neurrian: hau da, euskarak nazio
euskaldunaren funtzio komunikatiboak bete beharko ditu, zeren eta
hori gertatu ezean, gure euskalduntasuna euskalduntasun diglosikoa
(ohiko zentzuan, ez jatorrizkoan), etnikoa, artifiziala eta marjinala
izango da.
“Lana
da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena”: horra zure
beste iritzi bat. Bete-betean asmatu duzu gai horretan ere:
“sozializazioaren faktorerik garrantzitsuena lana da”, dio
batetik Andre Gortzek. Eta bestetik: “kohesioa eta herritartasuna
oinarritzen diren lana” ezin da murriztu nolanahiko ‘lana’
kontzeptura, zeren eta “lana kategoria antropologikoa izateaz gain,
gizakiaren bizi-iraupena bermatzen duen beharrizana da”
(“Metamorfosis del trabajo”, 1995). Labur-zurrean: lanak bizi du
gizakia beste ezerk baino areago.
Oker
ez banago, esan izan duzu hezkuntza sistemak euskalduntzen duena
lantegi erdaldunak zapuzten duela. Ez dakit zure hitzak horiek diren,
baina zure aburua hor nonbait ibiliko da. Zure pertzepzio
soziolinguistiko zolia euskarari buruz egiten diren azterketa,
inkesta eta neurketa guztiak baino fidagarriago da. Lanaren mundua
indar soziolinguistiko erdaldunen esku dagoen bitartean, D ereduaren
inguruan guztiz zabaldua eta onartua dagoen ilusioa iruzur bat
besterik ez da arnasguneak salbuetsita. Jadanik ez da nahikoa eskolak
ez duela euskalduntzen esatea, bada ordua zera eransteko ere: alegia,
D ereduak ez duela euskalduntzen gaurko baldintza
soziolinguistikoetan, euskalduntzea gaitasun komunikatiboa eskuratzea
baldin bada. Eta ezin da besterik izan. Gure agintari autonomikoei
ahantzi egin zaie nonbait, hizkuntzak ikasi baino errazago ahaztu
egiten direla, eta eskolan ikasitakoa, jarraipenik ezean, erdal
itsasoan itota ahanzten dela.
D
ereduak ez du euskalduntzen, berez ezin duelako halako helbururik
erdietsi. Ez al dugu bada gorago berretsi honako axioma honen
zuzentasuna: hots, euskaldundu, sozializazioaren kate-harreman osoak
bakarrik euskaldun dezake, ez pertsonaren bizitzako aro eta molde
jakin batek. Euskaraz bizi ezean ez dago euskaldun izaterik. Euskaraz
bizitzeak bakarrik ahalbidetzen duelako ahoz eta idatziz behar
adineko erabilera eta motibazioa garatzea, eta, ondorioz, gaitasun
komunikatibo nahikoaren jabe izatea.
Zure
proposamenak hirugarren transmisiora garamatza. Batetik, hizkuntzaren
transmisio naturala daukagu: nolabait esateko, funtzio lokalera eta
etnikora mugatzen da bere egitekoa. Bestetik, transmisio kulturala,
hizkuntza nazionalaren hezkuntzazko eta hedabidezko funtzio kognitibo
eta informatiboak bilduko lituzke bere baitan. Hirugarren funtzioa
funtzio sozioekonomikoa izenda dezakegu, zure eskariaren zentzuari
jarraiki. Bizitza sozioekonomikoaren oinarri eta egitura material,
teknologiko eta pragmatikoak ehuntzen eta gauzatzen dituen jarduera
mota, hain zuzen.
Lanaren
eta hizkuntzaren arteko harremanez ari garenez, zilegi bekit
harreman horren ikuspegi filosofikoaz hitz erdi bat hemen landatzea.
“Lanaren eskutik eta lanaren bidez sortu zen hizkuntza (Marx eta
Engelsen ustea zen hau), eta auzi horri buruz dagoen azalpen zuzen
bakarra horixe da. (…) Lehendabizi lana, eta gero, horrekin batera,
hitza: horra hor bi akuilu nagusiak”. Beharbada ez zebiltzan oso
oker marxismoaren sortzaileak. Lana baitu gizakiak oina-oinarrizko
beharrei erantzuteko baliabide-iturria, beste ezer baino lehen ase
beharrekoa. Eta beharrizan hori baldin bazegoen hizkuntzaren
sorrerako zioetan, oraingo gizakiaren beharrak ere lanaren bidez
asetzen dira orduan bezala ez bada ere. Guztiz zentzuzkoa da, beraz,
zuk baietsi duzuna: lana da pertsonaren bizitzako “jarduera
garrantzitsuena”, jarduera garrantzitsurik baldin bada.
“Lanerako
edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean”
euskarak ez du etorkizunik zure ustez. Nik erantsiko nuke kultura
soziolinguistikoaren oinarrizko printzipio bat ezarri duzula
euskararen aldeko borroka-leku ideologikoan eta politikoan. Hizkuntza
plangintzan eta glotopolitikan lehentasunik baldin badago, lanaren
eremuari zor zaio lehentasun hori. Eta arrazoia begien bistan dago:
botere-gune estrategikoa da ekonomiaren sistema, eta sistema
estrategiko horretatik kanpo dagoen komunitate linguistikoa hotzak
akabatzen dago. Bizitza materialaren, sozialaren eta kulturalaren
erreprodukzioan esku hartzen ez duten hiztunak eta hizkuntzak ezin
dira produzitu eta erreproduzitu bere baitako erregulazio
mekanismoetan. Zerraldoa edo bizi-iraupen artifiziala: horra zer
daukaten zein atarian. Euskarari bigarrena opa dio botere-sistema
autonomoak Hegoaldean, aurrenekoa Frantziak Iparraldean.
(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR gizarte-hizkuntzalaria da)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina