Donostian jaio eta Donostian bizi den Ramon Saizarbitoria soziologo eta idazleak esana da: «Uste dut salbazioa Bilbon dagoela: Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko». Euskarak Bilbo behar du: hori da euskalgintzaren aldarria. Euskaldunez osatutako gizartean euskarak bigarren mailako hizkuntza izateari utzi nahi badio, hiriburuak irabazi beharrean da, nahitaez. Euskal Herrian bizi diren hiru milioi biztanletatik milioi bat pasatxo hiriburuetan bizi da: lau euskaldunetatik bat Euskal Herriko zazpi hiriburuetako batean bizi da. Hiriburuak aisialdirako, erosketak egiteko eta, oro har, kontsumorako erdigune eta elkargune dira Euskal Herriko herritar guzti-guztientzat, hiriburuetan bizi direnentzat eta baita bizi ez direnentzat ere.
