2017(e)ko apirilaren 2(a), igandea

Esperantza ertzetatik


Xabier Euzkitze.
Soldadutzatik etorri berritan -azken tontolapikoetako bat izan nintzen- Arabako Ikastolen Elkarteak lan zoragarri bat eskaini zidan. Hari esker, Arabako hainbat herritako ikastoletan bertsolaritza irakasten aritu nintzen: Legutio, Gasteizko bi, Kanpezu, Agurain, Lapuebla Labarka, Bastida, Lantziego eta Oion. Askoren begietan lur arrotzak ziren euskararentzat. Arabako Errioxan bereziki, aldeko sentsibilitatea zeukatenek ere ez zuten euskararik mintzo. Aitzindari batzuek ereindako haziari esker, gaur egungo ikasle askok eta askok guraso euskaldunak dituzte. Duela pare bat hilabete izan nintzen bertan, pilota emankizun baten karietara. Beste hainbat haurren artean -ia denak euskaraz ari ziren- hiruzpalau urteko neskatxa bat ari zen pilotan, zaharragoetatik bereiz. Ni begira ikusi ninduenean, “¿juegas?” galdetu zidan. “Noski, baina nik euskaraz badakit, e”! erantzun nion. Neskatikoaren epaiak zur eta lur utzi ninduen: “A, bai? Eske zaharra zara!”. Alegia, Lantziegoko errealitatean zaharrak erdararekin eta gazteak euskararekin lotzen dituzte.

Arroyo pilotari historikoa Oiondarra zen. Joxan Tolosari vasco deitzen zion. Iragan igandean Oionen grabatutako saioa eman zuten ETBko Herri txiki infernu handi saioan. Duela 30 urte, ni bertsolaritza irakasten aritu nintzen garaietan, pentsaezina zatekeen. Arroyo zenaren semeetako batek euskaraz egiten du. Belaunaldi bakar batean, euskaldun bati vasco deitzetik euskararen jabe izatera pasatu dira.

Asteon ezagutu dut Baionako Etxepare Lizeoaren eraikin berriaren egitasmoa eta bertako irakaskuntza-eredua. Arabako Errioxan ez bezala, legedia dute zama astun gehigarri. Alta, hura eta beste hainbat ikastetxe Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ehunka gazte euskaraz hezten ari dira. Haiek dira, Lantziegon bezala, gazteak eta etorkizuna euskararekin uztartzeko gako nagusi.

Ofizialtasunak, aldeko legeek, asko erraztu ditzakete gauzak. Hori irabazi dute Nafarroako milaka haur eta gaztek. Badakit oro ez dela urre, ez nau udaberriko eguzkiak itsutzen, baina izpi goxo horiek ikusi eta sentitzen ez dituenak ere ez du gure egia osorik ulertu nahi.

  • Estreinakoz Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2017-04-02an.



iruzkinik ez: